Komunikabideek mundu mailako gerra gertakarien berriak zabaltzen
dituzte, denak gainera hain modan dagoen kutsu prebentiboarekin. Iraken
prebentzio gerra, Israelen prebentzio erasoak, Afganistanen laguntza
humanitarioa. Ildo militar honi atxikirik azaltzen dira Elena Salgado Osasun eta
Kontsumo Ministro berria eta Carmen Moya Drogen Plan Nazionalerako Gobernuko
Delegatu berria, “drogen aurkako gerra ez dutela galduko” aho batez esanez.
Honen oinarria badirudi duela gutxi ospatu omen diren "drogen aurkako olinpiada
Europarretan" Madrilek irabazitako dominak direla (Espainiak kokaina kontsumoan
urrezko domina, cannabisean brontzezko domina eta estasian diploma olinpikoa).
Askagintzatik uste dugu bide hau jarraitzea ez dela zuzena, oker dabiltzala,
zorionez drogen aurkako gerra aspaldi galdua baitago, urteak daramagulako
drogak dauden gizarte honetan aske bizitzearen alde lanean.
Jakin badakigu drogamendekotasunen fenomeno sozialaren errealitate
batzuk kezkagarriak direla. Jende askok itxaropenak jarriak zituen “ZP
birusean”, egoera horiek aldatuko zituela pentsatuz. Baina memoria historikoaren
altxorra arakatuz “FG txertoa” aurkitu dezakegula ezin dugu ahaztu. Egungo
egoeraren aurrean eszeptikoak gaude, drogen aurrean hartu diren politika
debekatzaileen porrota errekonozitzeko “talantea” baino zertxobait gehiago
behar delako. Ez dugu ahaztu behar horiek berak sortu zutela Hiritar
Seguratasun Legea edo Corcuera Legea, bai, atean ostikada ematearena. Hasiak
dira aldaketak egiten, momentuz ministerioz aldatu dute (Barne Sailetik, Osasun
sailera), baina ez daitezela hor gelditu. Hasi daitezke hariek berak sortutako
baliorik gabeko lege hori indargabetzen. Etorkizuna itxaropentsua denik ezin esan,
laino beltzak datoz.
Egungo egoera makurrak-makur, ezin du okerragora joan: ustelkeria
kasuak arlo politikoan, polizialean, ekonomikoan eta sozialean, droga kontsumitzaile
hutsa izateagatik pertsekuzioak, sekulako landaketen konfiskazioa, askotan lau
loreontzi soilik, legeztatutako eta legeztatu gabeko drogak modu konpultsiboan
kontsumitzeko joeraren handitzea, droga kontsumitzen hasten deneko adinaren
jaitsiera, drogen kontsumoak berez dituen arriskuen sinesmen eza edo pertzepzio
eskasa, polikontsumoaren edo substantzia bat baino gehiago kontsumitzearen
ondorioak, patologia dualak, hiritar eskubide demokratikoen errespetu eza,
espetxeetan pilaketa eta bizitza baldintza penagarriak...
Baina joko honetan tranpa, iruzur, egiten ari dira. Alde batetik Cannabis
deribatuak ez legeztatzearen alde azaltzen dira, osasun arazoak sortzen
dituztelako (hau gezurra denik ez dugu esango) eta bestaldetik aitortzen dute
tabakoa eta alkohola direla heriotza, osasun arazo, istripu, tratu txar... gehien
sortzen dituzten drogak direla. Prozesu logiko eta koherenteena droga guztiak
debekatzea litzateke, baina egiten duten bakarra bi substantzia horiei zerga
eranstea besterik ez da, osasun sailaren defizita jaisteko baliagarria suertatzen
baita.
Debekuaren politika jarraitu eta drogen gaia hutsalkeriaz azaldu dutenek
izandako porrotaren lekuko zuzenak eta pribilegiatuak izan gara. “Drogei ez esan”
eta “Drogak ez dira txarrak, onak, politak eta merkeak nahi ditugu” jarrerek eta
ikusmoldeek ez dute irtenbiderik. Udara hasieran burutu genuen VII Asanbladan
egungo droga politikek premiazkoa duten aldaketa bultzatzearen alde lan
egiteak lehentasuna zuela ikusi genuen, aldaketa hori ematea posible dela sinesten
dugulako. Fenomeno honen inguruan eztabaida soziala egitea behar-beharrezkoa
ikusten dugu, orain arteko eztabaida kamutsetan erori gabe eta drogen inguruan
dauden ikuspuntu partzialak eta estereotipatuak gaindituz eta drogak egon direla,
daudela eta aurrerantzean egonen direla onartuz. Baina orain arte jarraitu dugun
bideari eusten diogu, salatu egiten baitugu drogarik gabeko gizartea eta
abstinentzia aldarrikatzen duten mezu hipokritak. Ez gaitezen hipokritak izan,
guztiok baititugu “gure drogak” eta “gure kontsumoak”, zergatik hasi “besteenak”
gaitzesten, debekatzen, zigortzen...
Politika debekatzaile horien porrota onartu beharra daukate, hauek
oztopoa besterik ez baitie jartzen prebentzio, tratamendu eta bergizarteratze
programei. Bestalde baztertu egin beharko lukete beren helburu nagusia, hau da,
"Drogen eskaria eta eskaintzaren gutxitzea", honezkero ikusia dugulako handitu
besterik ez direla egin. Bi pauso horiek ezinbestekoak lirateke bide berriari
ekiteko.
Drogamendekotasunen Fenomenoaren normalizazioan aurrera egin behar
dugu. Normalizazioa bultzatzeko Planen eta Programen oinarriak ondokoak
lirateke: drogen eskaria edo demanda arrazionalizatu, kontsumoa erantzukizun
gehiagorekin egin daitekeela sinistuz eta bultzatuz, arrisku asko dauden gizarte
batean gaudela onartuz eta eskaintza erregularizatuz (droga ezberdinen
ekoizpena, komertzializazioa eta kontsumoa), substantzien oinarrizko kalitatea
ahalbidetuz eta droga trafiko sareen mafiek salatzeko aukera izatea, hauek
ustelkeria politikoak, polizialak, ekonomikoak eta sozialak posible egiten baitute.
Estrategia komunitarioen eta parte hartze sozialaren alde gaude,
kolektibo sozialen, hezkuntza-komunitatearen eta tokian tokiko instituzioen
eginkizuna funtsezkoa dela uste dugulako. Horrela positiboki baloratzen dugu egun
Eusko Jaurlaritzak Drogamendekotasunen Zuzendaritzatik egiten ari den esfortzu
teknikoa eta politikoa Drogamendekotasunen inguruko V Plana aurkezteko
orduan. Metodologikoki egindako lana da Plan hau, eta horrela terminologia komun
batez hornitzeko aukera ematen digu eta baita lanerako lege esparrua finkatzeko
aukera ere. Honela, plan onek aukera eta instituzio ezberdinetatik droga
kontsumo arazotsuak murrizteko lan egitea posible egiten du, beti ere
abstinentzia nabarmendu gabe eta osasun heziketa eta drogamendekotasunen
prebentzio unibertsala, selektiboa eta adierazia azpimarratuz.
Droga kontsumoetaz hitz egiteko aldez aurretik zertaz ari garen
zehaztea komeni da, kontsumo hitzaren baitan ñabardura handiak egon
daitezkeelako (droga mota, dosia, kantitatea, kalitatea, maiztasuna, nortasuna,
testuingurua, arriskuak, sinesmenak, itxaropenak...). Bestalde kontutan izan behar
ditugu gizon-emakumeek mendekotasunerako dugun joera, botereari, gauzei,
irudiei eta droga kontsumitzeko beharrari ematen diogun garrantzia. Ezin ahaztu,
ordea, bizi garen testuinguruan ematen den ezegonkortasun soziala, ekonomikoa,
laborala eta emozionala eta bakoitzaren bizitza estiloa, kontsumismoan,
lehiakortasunean eta plazerra bat-batean lortzeko joeran oinarritua dagoela
batez ere. Gainera gure denboraren eta espazioen banaketa gero eta
artifizialagoa da, gero eta nabarmenagoa delarik ematen diren ezberdintasunak
asteko egunen eta asteburuaren artean, eta lan-ikasketa eta aisia garaiaren
artean. Guzti honen parean azaltzen dira antsietatea, estresa, ziurtasun-gabezia,
frustrazioa, ondoeza eta mina, min handia.
ASKAGINTZAK ez du ez gerretan, ezta batailetan ere sinesten. Kristauen
“gurutzadak” eta drogen aurkako “gurutzadak”, kultur arteko liskarrak besterik ez
dituzte lortu. Honen guztiaren irabazle bakarrenetakoak militar eta ziurtasun
industria izan dira eta galtzaileak hiritar eta herritarren eskubide demokratikoak.
Kultur ezberdinetara irekia egongo den gizartea eraikitzea da zailena.
Horretarako pertsonak eta komunitateak drogamendekotasunik gabe aske
bizitzeko gai garela sinistu beharrean gaude. Pertsonen eta herrien bizikidetasuna
eta askatasuna bermatzen lagunduko duten arau eta muga batzuk ezartzea
komeniko litzateke.
Horretarako sektore eta ideia ezberdinetatik lankidetzaren,
kooperazioaren alde egin beharko genuke, guztion premia baitago.
Substantzien eta horien erabiltzaileen artean ematen den erlazioa
erregulatu eta arrazionalizatu beharrean gaude. Horretarako premiazkoak izango
ditugu arau eta muga batzuk, gazteagoen eta bitartekoen babesa bermatzeko.
Baina ezin dugu ahaztu testuinguru sozial justuagoak eta gizatiarragoak lortzea
gure xede nagusia izan behar duela.
Testu hau ondo aztertuta ikus dezakegu eta ulertu estatu espainolak, eta mundu osokoak ere legedia internazionaletan oinarrituta, jorratutako bide okerra drogamendekotasunen prebentzioa lantzeko ordua eskoletan, ikastoletan, unibertsitatetetan...
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario