domingo, 7 de octubre de 2007

ZER DIRA DROGAK?

ZER DIRA DROGAK?

Drogak pertzepzioa-hautematea, jokabidea, motrizitatea, kontzientzia, aldartea, adimena... eraldatzeko asmoarekin gorputzean sartzen diren substantzia kimikoak (naturalak edota artifizialak) dira. Sortu ditzaketen efektuak, ondorioak eta funtzioak hainbat faktoreengandik baldintzatuak daude. Telebista, kontsolak, sektak, sexuak, jatea, interneten ibiltzea, erosketak egitea... sailkapen honetatik kanpo gelditzen dira nahiz eta substantzia psikoaktiboen antzeko eragina izan, besteak beste, mendekotasuna.

1. Farmakologia ezaugarri konkretu batzuk dituzten substantziak: mota, kantitatea edo dosia, kalitatea, maiztasuna, purutasuna, administrazio bidea, drogei buruz norberak duen informazioa, tolerantzia eta mendekotasuna sortzeko duten gaitasuna...

2. Substantzia horien kontsumitzaileek dituzten ezaugarri indibidualak edota pertsonalak:

• Nortasuna, usteak, norberak kontsumo horri jartzen dizkion itxaropenak (hau edo bestea sortuko nau, honetako edo besterako baliagarria izango zait...), gogo aldartea, norberaren trebeziak edo abileziak, drogekin aurretik izandako esperientzia, kontsumitzeko arrazoiak, drogak hartzeko modua, droga kontsumoari ematen zaion zentzua, kontsumitzeko dagoen motibazioa...

• Adina, generoa, pisua, norberaren tolerantzia maila, osasun egoera orokorra (fisikoa eta psikologikoa)...

3. Kontsumoa egiten den testuinguruaren ezaugarri soziokulturalak:

• Non, noiz?, nola?, norekin?, zertarako? kultura, prezioa, eskuragarritasuna, kontsumoa bultzatzeko eta sustatzeko droga bakoitzaren inguruan egiten den publizitatea, drogak kontsumitzeko dauden arauak, legedia, familia, lagunartea, auzoa, bizitza estiloa, droga kontsumoak duen balorazio soziala, zein egoeratan edo baldintzatan kontsumitzen den, droga denaren eta ez denaren inguruan egiten diren definizio sozialak...

Horrela, esan dezakegu farmakologikoki substantzia batek ondorio zehatz batzuk sortuko dituela uste bada ere (laborategiko froga hutsetan soilik izaten dituzte efektu horiek), pertsonak hartzen duenean ez dira bere horretan agertzen, behin baino gehiagotan kontrako efektuak azaldu daitezkeelarik. Aipatu ditugun baldintza guzti horiek drogen efektuak eraldatu dezakete, bai objetiboki, bai subjektiboki.

Bestalde, kontutan izan behar dugu drogak bere horretan substantzia hutsak besterik ez direla. Gizabanako bakoitzak substantzia horrekin eraikitzen duen harremana da ulertu behar duguna. Erlazio hori testuinguru soziokulturalarekin eta garai historikoarekin baldintzatua dagoela ahaztu gabe.

Dena dela, drogen erabilpena ekintza unibertsala da (bai orain, baita garai batean ere) eta berau ematen denean substantziak, pertsonak eta testuinguru soziokulturalak elkarri eraginez parte hartzen dute.

No hay comentarios: